XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) kolpe sobietarraren egunetan, Ieltsinek kontrola Gorbatxovi kendu eta gutxira, penatuta idatzi zuen Egin-eko analistaren batek Urriko Iraultzaren baloreak ez direla oraingoz berreskuratuko.

Indar handiegia du ezker abertzalean nostalgia historiko horrek.

Sistema politiko jakin batzuk etorri dira behera, esan dezake norbaitek, ez komunismoaren ideia.

Ados, baina XXI. mendearen atarian gaude, eta posible ote da gaur eta hemen gizarte sozialista eraikitzea?

Nola ezetz?, esango du norbaitek, askatasun eta berdintasunaren utopia sinistu egin behar dugu.

Bai, oso polita da hori.

Ideia polita: baina ideia bera oinarri material barik geratu da oraingoz, eta hori da garrantzitsuena.

Adibide bat jarriko dut: demagun, komunismoa beharrean, munduaren gaitzentzako zoroastrismoa dela, Zoroastro edo Zaratustra haren erlijioa, Pertsia zaharreko fedea.

Zoroastrismoa, segi dezagun irudikatzen, pentsa litekeen erlijio zuzen, ireki eta ederrena da.

Baina, hara!, Pertsia zaharrarekin antzina ehortzitako monumentu hutsala baino ez da gaur egunean zoroastrismoa, eta bere argi, justizia eta perfektotasun guztiarekin ere, alferrikako fedea da.

Hor nonbait, liburuetan edo ideien mundu platonikoan, edertasun osoz dirdiratzen da oraindik zoroastrismoa, baina gure eguneroko mundu latz honetan ez du predikamendu praktikorik.

Marxismoa bera ez dago, ez, zoroastrismoa bezain ahaztua, baina oraingoz, nire iritziz, ideien munduan baino bizi ez den zerbait da.

Eta ez diot marxismoa ona denik, maltzurra denik edo premiazkoa denik: dena delakoa izanda ere, predikamendu praktikorik gabeko zerbait da.

Nirvana budistarik ez du inork eraiki munduan, ezta utopia komunistarik.